Albisteak

ASEDIEk Infomedia Sektoreko jardunbide egokitzat nabarmendu du Open Data Euskadi proiektua

Argitalpen-data: 

Open Data

ASEDIE Informazioaren Sektore Anitzeko Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Open Data Euskadi ekimena sartu du Infomedia Sektoreari buruzko azken txostenean.

Txostenaren zortzigarren edizioa da, eta elkarteak urtez urte lantzen du Infomedia sektorearen errealitatea ezagutzera emateko, izan ere, sektore hau ekonomiaren gaineko eragin handiena duten faktoreetako bat bihurtu da, datuek azken aldi honetan hartu duten garrantziaren ondorioz, horien maneiua enpresek baliatu beharreko funtsezko elementua baita aurrera egiteko eta arrakasta lortzeko

Open Data Euskadi ekimena sektore publikoan nabarmentzeko moduko jardunbide egokitzat sartu da datu irekien arloko beste ekimen batzuekin batera: Aragon Open Data, Kataluniako kooperatiben datuen irekiera, eta Gaztela eta Leongo eta Madrilgo datu irekien proiektuak. Horietan guztietan, Infomedia Sektorearen garapenari atxikitako informazio-ekosisteman sektore publikoak duen nahitaezko eginkizuna nabarmendu da, betiere sektore pribatuarekiko lankidetzaz eta Gobernu Irekiaren printzipioak betez, hala nola, gardentasuna eta parte-hartzea.

Txostenak Open Data Euskadi Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren aldeko estrategian duen funtsezko zutabetzat aipatu du, eta honen katalogoan bildutako 5.000tik gora datu-multzoei esker, erreferentziazko ekimentzat finkatu dela nabarmendu du, bai denboran duen iraunkortasunagatik, bai Espainiako Gobernuaren Datos.gob plataforma komunari datu gehien ematen dizkion administrazioa izateagatik.

Txostenean jaso denez, Eusko Jaurlaritza hainbat arlotan lan egiten ari da, herritarren artean datu irekien erabilera eta ezagutza indartzeko:

  • Euskal administrazioen arteko lankidetza bultzatzea
  • Lotutako datu irekiak (Linked Open Data)
  • Datu irekien erabilgarritasuna
  • Datu irekien multzo berriak
  • Berrerabiltzaileen komunitatea sustatzea
  • Langile publikoen prestakuntza eta kontzientziazioa

Asediek hainbat urte daramatza Infomedia Sektorea bultzatzen eta horri atxikitako onurak gizartean ezagutzera ematen. Elkarteak infomedia arloko enpresak biltzen ditu, eta horien artean daude hainbat sektoretatik informazioa erabili, berrerabili eta banatzea helburu dutenak, merkataritza-trafiko globalari segurtasun handiagoa ematen lagunduko duten balio erantsiko produktuak sortuz eta ekonomia bultzatuz, enpresa-esparruko merkataritza-transakzioen fidagarritasuna eta gardentasuna erraztuko dituzten metodoen aplikazioaren bitartez.

Txostena egiteko lehengaitzat erabili dira Sektore Publikoko datuak, informazio maila guztietan jasotakoak: Estatuko Administrazio Orokorrean, autonomia-erkidegoetan eta toki-erakundeetan.

Txosten osoa hemen kontsulta dezakezu:

INFOMEDIA SEKTOREARI BURUZKO TXOSTENA