Eusko Jaurlaritzako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundietako, Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Bilboko Udaletako eta gizarte zibileko erakundeen eta herritarren hainbat ordezkari bildu ziren atzo Lehendakaritzan, OGP Local Programme Euskal Gobernu Eredu Irekirako Ekintza Plana elkarrekin batera sortzeko.
Lehendakaritzako Gobernu Irekiaren zuzendari Luis Petrikorenak eta Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandik bertaratu ziren berrogeitik gora pertsonei eskerrak eman zizkieten, kontuan izanik ekimenera elkartu direla Gobernu Irekirako Aliantzaren (OGP - Open Government Partnership) euskal Ekintza Plana lantzeari ekiteko.
Ekintza-plana lantzeko eta gauzatzeko Foro erregular bat eratuko da, deliberazioak eta proposamenak egiteko organo gisa jardungo duena eta ekintza-plana herritarrekin batera diseinatu eta bere inplementazioa eta ebaluazioa monitorizatuko dituena. Parte hartzeko organo hau euskal instituzioetako 8 kidek eta herritarren arteko "antolatuak edo antolatu gabeak" beste 8 kidek osatuko dute.
Ekintza-plana abuztuaren 31 baino lehen egongo da landuta eta gehienez 5 konpromiso hartuko ditu gobernu irekian aurrera egiteko. Horretarako, OGPk definitutako bost erronkatatik bati helduko diote gutxienez: zerbitzu publikoak hobetzea, integritate publikoa handitzea, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa izatea, komunitate seguruagoak sortzea eta erantzukizun korporatiboa areagotzea.
Eta, gainera, Foro ireki bat eratuko da lankidetza-sarea zabaltzeko eta herritarrekin, eragile adituekin, ekimen pribatuarekin… elkarrekintzan aritzeko aukera gehiago egon daitezen, Ekintza Planaren jarraipen- eta ebaluazio-prozesuetan parte hartuko dutela kontuan izanik.
Bestalde, talde operatiboak egongo dira konpromisoak bete daitezen, eta konpromiso horietan bilduko da herritarren ikuspegia, lantaldean izango duten partaidetzaren bitartez.
Gobernu irekirako aliantza
Gobernu Irekirako Aliantza (Open Government Partnership – OGP ) nazioarteko erreferentziazko erakunde bat da, helburu duena gobernu “irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak” sustatzeko mekanismoak ebaluatzea eta garatzea. OGP 2011n sortu zen ONUren Batzar Nagusiaren bilera baten ondoren. Orain, bertako Zuzendaritza Batzordea 22 kidek osatzen dute, 11 gobernuetakoak eta 11 gizarte zibileko erakundeetakoak.
Gobernu Irekirako Aliantzako (OGP ) Tokiko Gobernuen programako 5 parte-hartzaile berrietako bat izateko hautatua izan da Euskadi.