OGP Global 2018 gailurrean izan dira OGP Euskadi ekimeneko ordezkariak Tbilisi-n (Georgia)
Argitalpen-data:
OGP (Open Government Partnership) Euskadi ekimeneko ordezkariak OGP Global Summit 2018 gailurrean izan dira, Tbilisi-n (Georgia); besteren artean, Eneko Agirre eta Gotzon Bernaola, hurrenez hurren gizarte zibila eta Innobasque ordezkatuz; Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik; Goizeder Manotas, Iker Goiria, Joseba Muxika, Gipuzkoako Aldundiaren aldetik, eta Javier Bikandi eta Luis Petrikorena, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, gobernu irekiaren printzipioen alde orain arte garatutako lana partekatu eta aurre egin beharreko erronkak eztabaidatzeko.Gailurreko lehenengo jardunaldian, tokiko gobernuentzako workshop batean parte hartu zuten euskal ordezkariek. Bertan, gaikuntza jaso eta informazioa trukatu zuten beste gobernu batzuekin, Euskal Ekintza Plana 2018-2020 osatze aldera.
Bigarren egunean, euskal ordezkariak POCen (Point of Contact) eta CSOn (Civil Society Organization) izan ziren; trukea eta sormena sustatzeko jardunaldiak dira, Point of Contact-ei eta gizarte zibileko ordezkariei zuzenduak, hurrenez hurren. Eguna Innovation Exchange-rekin amaitu zen, non Osoigo erakundearen eskutik bertaratu zen Euskadi.
Gailurra, berez, Funicular Complex-en garatu zen, eta bertan bildu ziren mundu osoko 2.000 ordezkari baino gehiago, datozen urteetarako gobernu irekiaren giltzarriak zehazteko. Bereziki azpimarratu zen Garapen Jasangarrirako Helburuak erakunde bakoitzaren agendetan gehitzearen garrantzia. Gipuzkoako eta Bizkaiko esperientziak aurkeztu zituen Euskadik, eta hiru panel tematikoetan parte hartu zuten.
Gailurraren inaugurazio ofizialean, Georgiako lehen ministro Mamuka Bajtadzeren aurkezpenaren ondoren, OGPko Local Program-era ongietorri ofiziala egin zitzaion Euskadiri, Thea Tsukulaniren (Georgiako justizia ministroa) eta Mukelani Dimbaren (OGPko Steering Comitee-ko kidea) eskutik.